Aritz Sound System Gaztezulon
Disko jartzaile famatua izan ez banaiz ere, Euskal Herriko txoko askotan ibiltzeagatik, eta komunikabide desberdinetan aritzearen ondorioz, elkarrizketa batzuk ere egin zizkidaten. Gaztezulo aldizkariak, adibidez, 2007ko azaroko alean, portada eta guzti eskeini zidan. Lander Garro kazetari eta idazle prestijiotsuak egin zidan elkarrizketa eta Ander Gillenea argazkilariak argazkiak egin zikidan, izar handia banintz bezala, gaupasa eta aje aurpegia nuen egun ilun batean :-)
.jpg)
Ez naiz inoiz oso argazki zalea izan, bistan denez :-)
Egia esan, Gaztezuloko kolaboratzaile izateak ere eragina izango zuen. Eskerrik asko Lander, Ander eta Gaztezuloko garai hartako lagun guztiei :-)
Onartu beharra daukat ez nintzela bater gustura geratu elkarrizketa horrekin, nirea errua...
Baina tira, besteekin bezala, hona hemen emaitza:
Gaztezulo aldizkariko webean ere irakurri daiteke: HEMEN
ELKARRIZKETA
“Erregionaleko disko jartzailea naiz, baina ez naiz lotsatzen”
Enpresen menpeko mundu honetan, garapenaz, modernitateaz eta elkartasunaz horrenbeste hitz egiten den honetan, musika nondik datorren ondo begiratu beharreko kontua da. Musika, gehienetan, ez da musikariaren edo taldearen ekimena: enpresarena da. Musika, produktua da, ahalik eta gehien saldu beharreko plastikozko objektua. “Musika ona edo txarra den eztabaidatu gabe, musika ikuspegi kritikotik begiratu behar da”, dio Aritz Sound System hernaniarrak. Nork egiten du musika, zertarako, nondik dator entzuten duguna, zergatik jartzen dugu hau edo beste, zeren arabera hautatzen dugu; horiek dira egin beharreko galderak, belarriak gehiegi ireki aurretik. Baina ez dugu egiten, ez dugu ia inoiz egin, eta gero eta gutxiago egiten dugu, elkartasunezko mundu garatu eta aurreratu honetan…
Mutil mehar eta luzanga da Aritz, eta musikaz galdetzea ia akatsa gerta liteke: hatza zaurian sartu duzu! Asko maite du musika, eta maitasun horrek musikaren aldeko militantziara eraman zuen. “Musikaren bidez nik sentitzen dudana konpartitzeko hasi nintzen musika jartzen”, aitortu du. Militantziak, ostera, ospea ekarri dio, nahi gabe seguruenik. Musika beltza da hernaniarraren gogoa gehien kolpatzen duen doinua, baina ez dio ezeri muzin egiten.
Hernaniko Tilosetan hartu du Gaztezulo. Esku artean hamaika paper eta zera dakartza, eta denboraz ere ez dabil soberan. Ez du taberna zuloren batean elkarrizketa egin nahi, “ordu gehiegi sartzen” baititu hauetan itxita. Bego. Kale gorrian egin dugu elkarrizketa, Hernaniko goizeko soseguaren kulunka ederrean.
Musika beltza zabaltzeko egindako ahaleginagatik zara ezagun; beste zein musika duzu gustuko?
Musika estilo ugari. Errazago litzateke gustuko zeintzuk ez ditudan esatea…
Bada… zeintzuk ez?
Rocka, adibidez, oso zabala den arren, ez dut askorik jartzen; musika klasikoa, popa… Hala ere, zaila da musika definitzea, definizioak oso zabalak direlako, eta definizioak ez dira hartu behar…
Dogmak bezala?
Horixe. Estiloa erreferentzia bat da, elkar ulertzeko, besterik gabe. Nik, hala ere, ez dut ezer inolako musikaren aurka. Zergatik jartzen dut musika? Ba, niri hainbat musika estilo gustatzen zaizkidalako, eta musika estilo horiek ezagutara eman nahi nituzkeelako. Esan dezaket, nolabait, musika jakin baten alde egiten dudala, eta horren barruan hainbatek ez dutela tokirik; countryak, adibidez, ez du lekurik.
Reggaea, azkenean, Jamaikako countrya da, ezta?
Reggaea ez da bakarrik Jamaikan egiten, e!
Countrya ere ez; Euskal Herrian ere, batzuek egin izan dute.
(Kar, kar) Bazen, bai, berbena talde ezagun bat… Tira, hasierako galderara itzuliz, musika estilo batzuk ez naute erakartzen, baina ez dut haien aurka ezer. Nik ‘beltza’ esaten dena jartzen dut (reggaea, rapa, funka, soula, afro brasildar doinuak, eta abar) musika horrek asko esaten didalako.
Zein iritzi duzu Euskal Herria egiten den reggaeari buruz?
[Hausnarrean geratu da denbora luzez] Lan asko dagoela egiteko. Reggaea ez da musika erraza. Entzuten denean badirudi dena berdina dela, sinplea dela, baina ez da. Hasten dira egiten (hemengo taldeak), eta konturatzen dira ez dela erraza. Kontua da, gainera, Jamaikako reggaea kapiatzen saiatzen direla (talde askok, ez denek) eta hori akatsa da, nire ustez. Musika ingurunea da, eta Jamaikan reggaea txikitatik edaten dute, egun osoan, irratian, kalean. Hemen ez da hori gertatzen. Ikastolan ez digute hori irakasten. Dantzak ikasten ditugu, txirula… Zu hasi zaitezke reggaea entzuten, eta halako batean egin nahiko zenuke, baina ez da horren sinplea. Reggaea ez da konpasa bakarrik. Hemengo bateria joleek, adibidez, konpasa ondo eramaten dute, baina gero, bada, ez dauka zerikusirik. Sentitu egin behar da.
Hemengo batek zein reggae mota egin beharko luke?
Besteek egiten dutenarekiko menpekotasuna sahiestu beharko lukete, adibidez, beraiek sortu. Ezberdina litzateke, baina balekoa. Ingalaterran egiten den reggaea Jamaikakoaren oso ezberdina da, baina niri pila bat gustatzen zait. Ingalaterran beste eguraldia dago, beste musika motak entzuten dira, eragin asko dituzte, eta reggaean, noski, nabaritu egiten da.
Bada zerbait arraziala, ezta? Abesteko orduan, adibidez, batek bere ahotsaren mugak kontuan hartu behar ditu, txuri batek ezin du beltz batek bezala abestu…
Nik ez diot horri horrenbesteko garrantziarik ematen. Reggae ona egin daiteke zuria izanda ere. Ez da arrazen araberakoa, ezta hizkuntzaren araberakoa ere. Askotan aipatzen da hori, ezta? Reggaeak ingelesez behar duela, eta abar. Ni seguru naiz reggae ona egin daitekela euskaraz, eta saiakera asko egin izan da. Adibidez, Trepik oso disko ona atera zuen Arawak taldearekin, Trepi eta Arawak izenekoa…
90eko hamarkadaren amaieran disko jartzaileek rocka eta popa jartzen zuten gehien bat, gero musika elektronikoa iritsi zen, guztiz nagusituz; zuk, ordea, musika ‘organikoa’ jartzen segitzen duzu… salbuespena zara, ezta?
90. hamarkadan disko jartzaile batzuek musika elektronikoa jartzen hasi ziren. Lekuaren eta dj-ren arabera gauza ezberdinak jarri izan dira. Jamaikan, adibidez, dj-ek reggaea jarri izan dute… uste dut ezin dela horrela orokortu. Dena den, dj-aren figura musika elektronikoarekin lotzen da. Nik egiten dudana oso gutxik egiten dugu. Modu naturalean ateratzen zait, ez dut hori bilatzen. Nik beharra sentitzen dut musika zabaltzeko, beste batzuk pintatzeko edo beste zerbait egiteko sentitzen duten bezala. Kontua da. oro har, niri zerbait sentiarazten didan musika ez dela entzutren dena, ez da jaietan entzun edota dj-ek jartzen dutena, normalean behintzat.

Aritz Sound System logo. Marrazkia: Mikel Barreiro.
Festak aipatu dituzula… ‘ausardia’ behar da hainbat jaietan zuk jartzen duzuna jartzeko?
(Kar, kar) Bai, egia esan. Pentsatzen dut, nolabait, musika mota hori jartzen aitzindaria naizela, nire aurretik batzuk ibili diren arren. Eta egia da askotan ez dutela nik egiten dudana ulertzen. Toki askotara, horregatik, oso mentalizatuta joan beharra dago. Hala ere urte asko daramat, eta ez dit askorik eragiten. Denetik entzun dut: “Hau ez da gure estiloa”, “Zure musikak jendea desmobilizatzen du”…
Halakorik!
Bai. Hori jai batzuetan esan zidan morroi batek. Serio esan zidan: “Bai, zure musikak jendea porroak erretzera bultzatzen du”. Morroiak, noski, sekulako atxurra zuen… eta berak esan zidan! Bitxia iruditu zitzaidan. Hala ere, uste dut gauza hauez gutxiegi hitz egiten dela, modu sakonean, behintzat.
Gehiago hitz egin beharko genuke?
Bai, zalantzarik gabe. Asko jota musika kritikatzera irits gaitezke, deskalifikatzera, baina ez dugu eztabaidatzen.
Zein da musika jartzeko plaza ona?
Hernani! Bai, plaza ona da, musika zabaltzeko ahalegin handia egin delako hemen. Musikarekiko aurreiritzi mordoa izaten da. Euskal Herrian toki bakoitzean musika mota jakin bat jartzen da, eta hortik ateratzea oso zaila da. Txosnetan rocka jartzen da, hemengoa nahiz kanpokoa, diskoteketan technoa jartzen da… Niri, beraz, erdian egotea egokitu zait.
Eta askotan tokiz kanpo…
Txosnetan, adibidez, rocka ez jartzeagatik gaizki ulertuak izan ditut, eta euskarazko musika ez jartzeagatik. Gustuko ditudan musikak apenas egiten dira euskaraz, eta niri horrek zailtasun handiak sortzen dizkit. Hala ere, espero dut hori ere iristea; hau da, muska horiek euskaraz normaltasunez egiten. Diskotekatan ez dut inoiz musika jarri, baina ‘giro horretako’ hainbat jaietan, bai. Behin, beste hiruzpalau dj-rekin aritzea suertatu zitzaidan. Goizeko ordubiak aldera zen nire txanda, eta ordurako, ikusia nuen nire musika han tokiz kanpo zegoela, oso techno gogorra jartzen ari baitziren, oso matxakoia. Hala ere, hasi nintzen jartzen, eta segituan ikusi nuen jendeak harrituta begiratzen zuela, “nor ote da hau?” galdetuz bezala.
Hurrengo dj-a atzean nuen, harrituta hura ere, eta gutxika ukalondoarekin ni botatzen hasi zen, “hi, ez gaitzak loak hartuarazi!” pentsatzen ariko balitz bezala; “Qué pasa, maestro?”, galdetzen zidan.
Zuk cd-ekin jartzen duzu musika…
Bai, ‘erregionaleko’ disko jartzailea naiz, horrela hartzen naute batzuek, baina ez naiz lotsatzen. Gaizki ikusita dago cd-ekin musika jartzea. Orain aldatzen ari da ideia hori, baina tradizionalki, disko jartzaileak biniloak jarri ditu. Ni gauza horiei ez diet horrenbesteko garrantziarik ematen. Iruditzen zaizkit, bestetik, aberatsa izan beharra dagoela biniloak jartzeko, oso bitarteko garestia delako, baina tira. Niri ez didate ‘puntako tokietatik’ deitzen.
Disko jartzaileari sarritan gertatzen zaion beste gauzetako bat, entzuleen atrebentzia izan ohi da: “Jope, jarri zerbait dantzatzeko!”.
(Kar, kar) Bai, niri beste hau ere esan izan didate: “Noiz hasiko zara?”.

Euskal giroan fenomeno ironiko bat eman da: lehen ‘hemengo’ musika baino ez genuen jartzen, eta kanpoko zertxobait. Orain, ordea, pixka bat irekitzen hasi gara, baina musika komertziala jartzeko, ‘komertzial’ hitzaren zentzurik makurrenean.
Hor dago koxka: zergatik entzuten da gehien, gehien entzuten den musika? Jendeari zinez hori gustatzen zaiolako? Ez dut uste. Jende horrek ez du beste gauzak entzuteko aukerarik eduki. Musika jartzeko bizpahiru aukera badituzu, bizpahiru horien artean aukeratu beharko duzu. Aukerak gehiago zabaldu ahala, gehiago handitzen da aukeratzeko askatasuna. Zuk aipatzen duzuna, nolanahi ere, oso kezkagarria da. Nik urte mordoa daramat geure giroa ireki nahian, eta oso lan zaila da. Orain, ordea, horixe ikusten ari naiz, musika komertziala erraztasun handiz jartzen dela.
Bisbal, Bustamante eta antzekoak jartzen dira…
Ni ez naiz musika ona edo txarra dela esatearen aldekoa. Ez dut uste musika txarra dagoenik, baina musika ikuspegi kritiko batetik entzun behar da, musikak ideologia dakarrelako. Rocka huts-hutsean entzutetik, edozer entzutera pasatu gara.
Eta horren aurrean?
Lan asko dago egiteko, asko. Hitz egin behar dugu, asko hitz egin, asko eztabaidatu.
Bitxia da, nolanahi, geurean hori gertatzea, non eta ‘kanpokoa’ beti mehatxu bezala ikusi denean.
Bai, nik arazo handiak izan ditut kanpoko musika jartzeagatik. Euskal kultura defenditzeko esaten dira gauza horiek, baina hori ere eztabaidatu beharko litzateke: zer da euskal kultura? Nik uste dut kanpokoak aberastu egiten gaituela, beti ere kanpoko hori baldintza jakin batzuetan badator, noski. Gai polita da hori, ezin da errazkerian erori. Musikak, lehen esan bezala, ideologia dakar, eta adi egon beharra dago. Lan asko dugu oraindik egiteko eta bakoitzaren esku dago. Niri dagokidanez, zuzeneko musikaren bi aurpegiak ezagutzen ditut. Zerbait eskaintzeko duen 'artixta' bezala, Aritz Sound System izenarekin edo Selektah Kolektiboaren parte bezala, Euskal Herriko txoko asko bisitatu ditut. Eszenatoki askotan egon naiz eta zuzeneko musikan ikuspegi desberdina eskaintzen dugu; sound systemaren ideia alegia. Musika begira egoteko zerbait bezala baino entzuteko eta musika horrekin dantzateko ikuspegia.
Antolaketa ere gertutik ezagutzen duzu…
Bai, urteak dira gauzak antolatzen nabilela (Igande Musikatuak, Hip-Hop egunak, Artixten topaketa, Molotoff Irratiko txosna egitaraua, etab.). Ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Gustoko ditugun emanaldiak nork antolatu zai egon beharrean iniziatiba hartu eta gu geuk antolatu ditzagun. Zergatik ez.
Musika hedabideen esparrura eramateko esfortzua ere egin izan duzu, irrati bidez eta abar.
Bai, urteak dira gustoko doinuak irrati bidez zabaltzen ditudala. Hernaniko Molotoff Irratian adibidez 18 urte daramat saioa egiten eta irratiko barne antolaketan parte hartzen. Irrati libreek Euskal Herrian izugarrizko lana egiten dute musikaren zabalkundean. Jendearen esku dagoen komunikazio tresna ederra dira eta indar osoz defendatu behar ditugu. Egun, Molotoff Irratiaz gain Info 7 irratian ere saioa egiten dut (www.info7.com helbidean). Euskal nazio ikuspegia duen irrati hasi berria da, guztion babesa behar duena. Prentsa idatzian ere banabil. Urteak dira Gaztezulo eta Entzun! aldizkarietan kolaboratzaile nabilela eta aldizkari hauei esker jende askorengana iritsi ahal izan naiz, bai diskoen aipamenak eginez, taldeei elkarrizketak eginez edota gustuko ditudan musikei buruzko erreportaiak idazten. Gara egunkarian ere astero idaten ditut disko berrien aipamenak.
Euskal Herrian hainbat eta hainbat musika estiloen euskarazko informazioa faltan dela uste duzu?
Zertxobait gehiago faltan hartzen du, bai, eta, neurri batean, kolaborazio hauei esker hutsune hori zertxobait bete daitekeela uste dut. Bide horretan kaleratu nuen 2002. urtean Bob Marley; Beginuea, maitasuna eta askatasuna liburua Txalapartarekin. Ez dut idazle senarik baina argitaletxeak egindako eskariari erantzunez idatzi nuen liburua eta horrelako liburu gehiagoren beharra sumatzen dut Euskal Herrian.
Disko denad ere eduki zenuen garai batean.
Bai… Buf! Istorio luzea da! Laburbilduz, inguruan duzuna aldatu nahi baduzu, lanean hastea beste aukerarik ez duzu. Garagardoa eskutan
duzula gauzak kritikatzea erraza da baina horrekin ez duzu ezer aldatuko.

Aritz Sound System ezagutzen dutenek ondo dakitenez, bera da Euskal Herrian reggae musikaren alde gehien egin dutenetakoa. Han eta hemen, ehunka plaza zein aretotan jarri du Hernanikoak Jamaikako musika. Harreman berezia dago disko jartzailearen eta musika mota horren artean.
Merezi du labur reggaea zer den azaltzea, hortaz. 50. hamarkada arte Jamaikan ez zen ezer grabatzen, eta hango musika, bandek osatzen zuten, turistentzako aritzen zirenak. 50. hamarkadan irrati publikoa sortu zen, eta horrekin jauzi teknikoa eman zen. Pista bakarreko mahaiaz, doinuak grabatzen hasi ziren, modu mugatu baina erabakigarrian: hortxe hasi zen Jamaikako musikaren historia. Garai hartan Karibeko musika egiten zen, kalipsoa eta beste hainbat. Jamaikarrek, ordea, AEBetako musika ere entzuten zuten, eta rithm and bluesarekin kutsatzen hasi ziren. Bertako musika kanpokoarekin nahasi zuten, doinu berriak sortuz.
Ska musika deitu zioten horri. Berehala bi musika estudio sortu ziren, eta, mugida horren baitan, musika taldeak ugaritu ziren. Ska musika biziak, gutxika, erritmoa galdu zuen, apaldu, eta hortik rockstady deitutakoa sortu zen. Aritzek esandakoaren arabera, musikak tokian-tokiko egoerarekin zerikusia du, eta musikaren moteltzeak ere, azalpen soziopolitikoa izan lezake: “Ska musika sortu zenean Jamaikan independentzia garaiak ziren, baikortasun eta itxaropen garaiak, urte alaiak. Beraien bizitza hobetuko zela uste zuten, eta horrek erritmo biziak sortzen zituen musikan. Gutxira, ordea, susmoen okerraz jabetu ziren, eta musika, beraien gogoarekin batera apaldu zen”.
Turismoak eta soularen eraginak ere garrantzia izan zuten ska musikaren garapenean, noski. 70. hamarkadaren ingurumarian sortu zen reggae musika Jamaikan. Early Reggae izena zuen hasieran, eta tematika aldetik arinagoa zen: hondartzak, paradisua… Jamaikako egoera, ordea, gero eta nabarmenago ari zen okertzen, eta ghettoen sorrerarekin batera rastafari filosofia sortu zen, eta, honekin, reggaea. Reggae, izan ere, etimologikoki ragga hitzetik dator, eta ragga, ingelesezko raggamuffin hitzetik, zeinak arlote edo zarpail esan nahi baituen.
/ARGAZKIAK%20%20GALERIA/ARITZss-DSCF0072.jpg)
Su hartuta musika jartzen. (Argzki egilea: Juan Kosmik).
----
KUTTUNAK
Izen hau zuen atalean, Gaztezulon elkarrizketatuek euren gustuak ageri zituzten, kultur alord esberdinetan. Nire kasuan, horrekin apurtu nahi izan nuen eta faltan botatzen nituen liburu, disko eta abarren berri eman nuen. Zein liburu idaztea nahiko nuke, zein musika entzun eta abar...
ZINEMA
Euskal Herriaren egoera herri zanpatuaren ikuspegitik jorratzen duen filma ikusi nahiko nuke noizbait.
Irudietarako: Goenkaleko zipaioak manifestariak jipoitzen.
MUSIKA
Rap, reggae, funk, soul eta orohar musika beltzaren barruko estilo desberdinak nahasten dituen diskoa entzun nahi dut, Euskal Herri zein nazioarteko gaiak errespetuz landuko dituena eta hikaz mintzo diren abeslariak eztarria urratzen.

Irudietarako: James Brown garrasika eta hodei baten barruan “Euskalduna nauk eta harro nagok” esaldia (ez dakit hikaz horrela esango ote zen).
LITERATURA
Paperean edo digitalean musika beltzari buruzko idatziak euskaraz aurkitu nahiko nituzke.
Irudietarako
“Musika Beltzaren historia” izenburua duen liburu azala
GASTRONOMIA
Janari, edari eta orohar aho zein sudurretik sartzen diren elikagai eta droga desberdinek gure gorputzean duten eraginaz mintzo diren filma, kantu eta liburuak euskaraz.
Irudietarako
Sagardotegia